Noiz hasi bola jokoan?
Gaztetan. Aita ibiltzen zen. Kultur etxea ondoan bizi ginen eta Michelin zelaian baloiarekin edo jolasean ibiltzen ginen.
Nire aita bola tokira joaten zen entrenatzera Michelingo bolatoki zaharrean. Orduan, Julian Etxaiderekin entrenatzen zen. Lasarte-Orian ia guztiek ikasi genuen berarekin. Eta gazte pila batek botatzen genuen bolatan. Ni askotan joaten nintzen hara eta hala hasi nintzen.
Etxaide izan zen zure irakaslea. Nola gogoratzen dituzu urte horiek?
Gogoratzen dut hasieran aspergarria zela. Helduak entrenatzera joaten ziren baina zuri bakarrik uzten zizuten birlak jartzen eta bola bueltan botatzen. Eta denek esaten zuten: “Ez, ez. Aurrena hortik ikasi behar duzu”.
Gerora arratsaldetan joaten nintzen Etxaiderekin ikastera. Baina denbora pila batean egon nintzen bolatokia osoan bota gabe. Ez zidan utzi. Lehenik gurpila eta horrelako gauzekin erakutsi zidan.
Gazte asko zinetela aipatu duzu.
Bai, Lasare-Oriako gazte askok ikasi genuen berarekin eta askok dakite botatzen. Baina ez dira ibili gerora.
Ni baino zaharragoak ere badaude, batzuk jarraitzen dute Josu Lasa, esate baterako. Gerora bere anaia eta beste batzuk ere hasi ziren. Nik txapelketetan Josurekin ibili naiz.
Lehen txapelketa noiz lehiatu zenuen?
Oso gazte. Hamahiru edo hamalau urterekin hasi nintzen lehiatzen.
Gogoratzen dut gainera hamabost urterekin senior txapelketa bat irabazi nuela,. Michelinek egiten zuen Eguberrietako txapelketa. Kristoren txapelketa zen bi jardunalditakoa.
Eta lehenengo Liga irabazi nuena, hamabost bolatoki itxietan jokatu genuen. Hogeita bat urte edo nituen, soldaduskatik itzultzean eta hura irabazi nuen.
Gerora pilotako epaile modura egon naiz urte askotan eta horregatik hamabost urtetan utzi egin nion jokatzeari
Baina berriro ekin diozu eta azken urteetan lehen postuetan izan zara lehian.
Pilota utzi nuenean, berriro hasi nintzen, duela lau bat urte. Binakako txapelketa jokatzeko deitu zidaten, batek laguna ez zuelako eta finalera iritsi ginen eta hirugarren egin genuen. Eta bakarka ere botatzen hasi nintzen eta Euskadirako sailkatu nintzen.
Hurrengo urtean ere hark bikotekakoa jotzeko deituko zidala uste nuen, baina ez zen horrela izan eta Ereñozuko taldeko kide batek deitu zidan, villabonarra bera. "Gurekin jokatu behar diak," esan zidan eta "guk astero entrenatzen dugu" gehiatu zuen. Eta animatu nintzen. Bi urte segidan geratu ginen bikotekako txapeldun, lehengo urtean eta aurrekoan. Aurten Urnietako beste batekin jokatu dut eta finalera iritsi gara.
Lehengo urtean txapelketa guztietan taldeko kideek lehen lau postuetan izan gara. Hauek lehiaketa garaian, fuerte dabiltza entrenatzen. Ordu pila sartzen dituzte eta azken finean hori behar da. Ni iaz eta aurten lehen postuetan ibili naiz. Txapelketaren batean huts egin dut baina taldekakoa irabazi genuen, lehendakari txapelketan seigarren izan nintzen eta Kopako txapela ere lortu nuen.
Eta nola moldatzen zara entrenamenduak, lehiaketak eta lana uztartzeko?
Txapelketa garaia denenan gehiago entrenatzen dut. Jardunaldia dagoen astean, gainera, egun bat dago probak egiteko, normalean osteguna izaten da, eta hara goaz. Ibili beharra dago bola tokiak ezagutu eta egunean nola egon daitekeen jakiteko.
Eta urtarriletik igandero dugu txapelketaren bat. Lehenik taldeka, gero binaka eta azkenik, banaka. Eta banakakoan lehendakari eta kopa daude.
Maiatza ekaina aldera amaitzen da txapelketa denboraldia, inauterietan eta aste santuan geratzen da baina igandero dago lehiaketa. Askotan gogorik ez duzu, baina aurrean bazaude ez dugu hainbesteko arazorik.
Gainera, lehiaketak igande goiza edo arratsaldea dira eta beste planik baduzu goiz joan behar zara, 09:00etan hasten bada, 07:00etan joan eta lehenetarikoa izan behar zara izena eman eta lehenetarikoa botatzeko. Bestela agian hamabietan bota dezakezu. Momentuan da izena ematea ez dago ezer aurretik. Eta aurretik txapelketa jokatzen den herriraino joan behar zara.
Orain udaran festetako tiradak daude eta lasaiago nabil entrenamenduekin.
Euskadiko txapelketa jokatu berri duzu, nola joan da?
Lehengo larunbatean jokatu genuen. Bosgarren izan nintzen. Lehengo buelta kaskarra egin nuen, zorte txarra izan nuen eta bigarrenean, oso ondo geratu nintzen; bigarren gehiena jo nituen. Baina lehenengo horrek kalte egin zidan pixka bat.
Euskadiko txapelketara hamar bat bolari sailkatzen gara eta urtero lurralde batean egiten da. Aurten Bizkaian izan da, aurrekoa Gipuzkoan izan zen eta hurrengoa Araban izango da eta horrela aldatzen joaten da.
Eta gainera lurralde bakoitzeko moldaerara jokatzen zarete. Bai, horrela da. Arabako eta Bizkaiko modalitateetan botatzen dugu bertan Euskadiko txapelketa jokatzen denean.
Zein ezberdintasun daude?
Bakoitzak bere berezitasunak ditu. Bizkaikoa eta Arabakoak nahiko berdintsuak dira, bata lurrean edo hondarrean jokatzen da eta bestea egurretan. Zirraragarriagoa da nire ustez. Ezusteko gehiago daude eta emaitzak ere bestelakoak dira.
Gurea jokoa oso zuzena da, zurruna. Guk ezin dugu birla txikia jo, hori gertatuz gero zero puntu dira. Baina Araba eta Bizkaian birla hori gurea baino txikiagoa da eta mugitzen doa, birlen artean edo aurrean baina alboetara jarri dezakete. Eta hori lehenengo jotzen baduzu bikoitza balio du.
Gainera, aldeetan eta atzean malda dago. Bolak hondoa jo behar du eta arrastoan, itzulian ere birlak bota ditzake. Beraz, birla txikia non dagoen eta maldak ere kontuan izan behar dituzu botatzeko.
Txapelketa hemen denean, Bizkaia eta Arabakoak astebete lehenago datoz gure modura moldatzera. Gu ere tarteka hara goaz eta ibilita jartzen gara, baina gero txapelketan beste kontu bat da.
Euskaditik kanpo ere bola joko modalitate ezberdinak daude, ezta?
Bai, esate baterako, Kantabrian ohitura handia dago.
Txapelketa oso garrantzitsuak daude, kristorengo sariak dituzte, 1.000 eurokoak eta dira. Eta botatzen dutenak profesionalak bezala dira. Goizean euren lanetan dabiltza eta arratsaldeetan entrenatu.
Kantabriako gobernuak diruz laguntzen die gainera, kirol autoktono bezala dutelako. Eta telebistan ere botatzen dute. Pasada bat da.
Ezberdintasunez ari garela, nola aldatu da bola jokoa azken hamarkadatan?
Pila bat aldatu da. Lehen irekiak ziren bolatoki pila zegoen eta bertan botatzen genuen; orain bolatoki gutxiago daude eta itxietan jokatzen ditugu txapelketa ofizialak. Irekietako asko gaur egun ez daude martxan eta dauden gutxietan udaran botatzen da jaietan.
Lehen leku pilara joaten ginen. Urkizu, Urnietako zaharra, Azkorten, Zubietan… Egun Goierri aldean zazpi bat daude martxan eta hemen inguruan ere beste zazpi.
Lehen bola egurrezkoa zen eta orain plastikozkoa da. Mantentzeko errazagoa da; egurra gastatu egiten zen.
Material berriei moldatzea kosta egin da. Nik aipatu modura hamabost urtetan utzi egin nion jokatzeari. Eta bola berriarekin itzuli nintzenean, kosta zitzaidan egunean jartzea, baina beno moldatu naiz eta orain niretzat normala da.
Egurrak egurraren aurka ongi hartzen zuen eta bola berri eman zidatenean, berdina zirudien, baina betiko moduan bota eta “ui zer da hau! Egurrean irristatu egiten du eta”. Moldatu beharra.
Eta bola-jokoaren etorkizuna nola ikusten duzu?
Gazte pila hasi da eta ni itzuli nintzenean sorpresa eraman nuen zeren eta emakume pila zebilen. Ni aurretik nenbilenean bat edo bi zeuden. Lau kideko sei talde izan dira lehian; aurten lau talde izan dira.
Eta gazteak ere batzuk badaude. Haurrak ez asko, baina eskola kirolean eta ikastoletan sustatzen ari dira, baina pixkanaka doaz.