Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna izango da hilaren 28a eta kalera aterako dira Lasarte-Oriako bollera, bisexual, marika, trans, ez bitar, 'queer'-ak... mobilizatu eta "heteroarauaren disidente izateaz harro" daudela erakustera. 20:00etan abiatuko da manifestazioa Okendo plazatik, 'Transmaribibolloen defentsan, saretu gaitezen!' lelopean. Mobilizazioa, autodefentsa eta saretzea "inoiz baino garrantzitsuagoak" direla aldarrikatu dute antolatzaileek, euren herrian bertan beraien kontra oldartzen direnak "gero eta gehiago" diren garaietan. Halaber, transmaribibollo gisa euren burua identifikatzen ez duten aliatu eta herrikideak ekintza horretan parte hartzera gonbidatu dituzte: "Maitatzeko, saretzeko, antolatzeko edo gozatzeko modu anitzak defendatzen ditugun pertsona eta eragileen arteko sare sendoa behar dugu".